BIOGRAFIA

 

Bingen Mendizabal Gasteizen jaio zen 1962ko abenduan.

Musika-ikasketak 1969. urtean hasi zituen Jesus Guridi kontserbatorioan.

Biolina (Albina Madinabeitiarekin), pianoa, kontrapuntua, fuga eta konposizioa (Carmelo Bernaolarekin) ikasi ditu. Horrez gain, zenbait ikastaro ere egin ditu ikasketak handitzeko: konposizio garaikidea, Gabriel Brencicekin; musika elektroakustikoa, Luis de Pablorekin, eta zinemarako musika, Anton Garcia Abrilekin.

Musikari gisa ere parte hartu du zenbait talde eta abeslarirekin (Mikel Urdangarin, Hertzainak, La Polla Records, Gorka Knörr eta abar), antzerki-talderekin (Geroa, Teatro Paraíso) eta konposizioak egin ditu kontzertuetarako, bideo-instalazioetarako, inaugurazioetarako eta erakusketetarako.

1989. urtetik zinemarako musika egiten du eta Estatuko nahiz nazioarteko hainbat zuzendarirekin aritu da. Estatukoen artean, Juanma Bajo Ulloa, Enrique Urbizu, Montxo Armendáriz, Imanol Uribe, Manuel Gutiérrez Aragón, Mariano Barroso eta Manuel Gómez Pereira, eta nazioartekoen artean, Marcelo Piñeyro, Julien Temple, Betty Kaplan eta Francisco Lombardi.

2008. urtean soinu-bandarik onenaren Goya sarirako aukeratu zuten Manuel Gomez Pereiraren “El juego del ahorcado” filmarekin. Bestalde, soinu-bandarik onenaren saria irabazi du film hauekin: “La madre muerta” (Zinema Idazleen Elkartea), “Cosas que hacen que la vida valga la pena” (Monte-Carloko zinemaldia) edo “Arriya” (Festival de cine de Málaga).